Mota horretako hizkuntzen gaineko ezjakintasunak eraginda, hainbat ideia oker eta faltsu barneratu dugu eta baieztatuta dago horiek gezurrezkoak direla:
- Zeinu hizkuntzak ez dira benetako hizkuntzak, gauzak eta kontzeptuak izendatzeko kode mnemoteknikoak baino. Faltsua. Zeinu hizkuntzak erabat zehaztutako egitura gramatikalak dituzten hizkuntza naturalak dira. Izan ere, pertsona batzuek ama hizkuntzatzat dute zeinu hizkuntza, horietako batzuk entzuleak ere badira. Zeinu hizkuntza ama hizkuntzatzat duten umeen barneratze linguistikoaren prozesuan, ahozko hizkuntzaren barneratze prozesuan azaltzen diren garai berdintsuak ematen dira (zizakadura, hitz bakarraren garaia,...). Horretaz gain, ahozko hizkuntzetan ohikoak diren analogia morfologikoa, elipsia, aldaketa fonetikoak zein ulermen edo jabetzea, era berdintsuan ematen dira zeinu hizkuntzetan.
- Zeinu hizkuntza espainiarra, zeinu hizkuntza frantsesa edo britainiar zeinu hizkuntza, espainiera, frantsesa edo ingelesa kodetzeko moduak baino ez dira. Faltsua. Zenbaitetan, herrialde zehatz bateko zeinu hizkuntzaren eta bertako ahozko hizkuntzaren gramatikaren artean alde izugarria dago. Ezberdintasunak hainbat parametrotan antzeman ditzakegu: nukleo sintaktikoaren kokapenean, osagarrien maila sintaktikoan,... Gaizki-ulertze horren aldaeren eraginez, zeinu hizkuntzak ahozko hizkuntzen menpe daudela uste izan da. Horren ondorioz, esaterako, zeinu hizkuntzek ahozko hizkuntzen hitzak letraz letra irudikatu besterik ez dutela egiten pentsatu izan da.
- Zeinu hizkuntza internazionala da. Faltsua. Ahozko hizkuntzen artean ezberdintasunak ematen diren moduan, zeinu hizkuntzak ere ezberdinak dira euren artean, hiztegiari (zeinu multzoak) zein gramatikari dagokionean.
Zeinu hizkuntzetan esku bidezko alfabetoa edo daktilologikoa erabiltzen da, batez ere izen propioak eta teknikoak izendatzeko. Hala ere, daktilologikoa, zeinu hizkuntzek darabiltzaten baliabideetako bat baino ez da. Antzina, daktilologiak, zeinu hizkuntzak ahozko hizkuntzen aldaera huts era urriak zirenaren aurreiritzia indartu besterik ez zuen egin. Baina uste hori ere faltsua da.
Orokorrean, zeinu eta ahozko hizkuntzak apartekoak dira eta garapen maila propio eta bereiziak dituzte. Azkenik, ahozko hizkuntza bat baino gehiago daukan eremuak, zeinu hizkuntza bakarra izan dezake, nahiz eta ahozko hizkuntza ezberdinak egon. Horren adibide dira Kanada, EEBB eta Mexiko: bertan, Zeinu Hizkuntza Amerikarra eta ahozko ingelesa, espainiera eta frantsesa erabiltzen baitira. Alderantziz eta era berean, elkar ulertzeko hizkuntza komun gisa erabil daitekeen ahozko hizkuntza dagoen eremuan ere, zeinu hizkuntza bat baino gehiago egon daiteke. Espainiar Estatuan, esaterako, Zeinu hizkuntza espainiarra (ZHE) eta Zeinu hizkuntza katalana (ZHK) erabiltzen dira.