Zer da zeinu hizkuntza?


Zeinu hizkuntza adierazpen hizkuntza naturala da, keinu-espaziozko konfigurazioa eta begi bitartezko antzematea oinarri dituena (gor-itsuak ukimenaz ere balia daitezke). Zeinu Hizkuntzari esker gorrak gizarte-inguruarekin komunikatu daitezke; gorrekin edota zeinu hizkuntza darabilen edozein pertsonarekin hain zuzen ere. Ahozko hizkuntzak aho-entzumenezko kanala dauka; zeinu hizkuntzak, aldiz, begi-keinu-espaziozko kanala du.

Zeinu hizkuntzen jatorria


     Gaur egun, oraindik ere, zeinu hizkuntzen hiztun gehienak gorrak diren arren, ahozko hizkuntzen besteko antzinatasuna daukate; ahozko hizkuntzak baino arinagokoak ere izan litezke zeinu hizkuntzak gizakion historian. Horretaz gain, entzuleek ere zeinu hizkuntzak erabili izan dituzte eta darabiltzate gaur egun ere. Izan ere, Ipar Amerikako Zabalune Handietako eskualdean bizi izandako amerindiarrek ere zeinu hizkuntza erabiltzen zuten etnia ezberdinen arteko komunikazioan. Etnia horiek fonologia zeharo ezberdinetan oinarritutako hainbat hizkuntza erabiltzen zuten eta elkar ulertzeko zeinu hizkuntza beharrezkoa zitzaien. Europearren menderatzeaz geroztik ere, sistema hori luzaroan egon zen indarrean.
Amerindiarrei lotutako beste adibide bat dugu Manhattaneko irlan gertatutakoa. Bertan, aparteko tribu a zegoen: kideetako asko gorrak ziren herentziaz igorritako gen nagusi batek hala eraginda, eta horiek keinu bidezko hizkuntza erabiltzen zuten elkarrekin komunikatzeko. Antzeko gertaera jazo zen Massachusettseko hegoaldean dagoen Martha's Vineyard uhartean. Bertan, horrenbeste pertsona gor bizi zen, XX. mendearen hasierara arte entzuleek ere zeinu hizkuntza erabili ohi zutela euren artean hitz egiteko. Hala ere, ez dute  aurkitu XVII. mendearen aurretiko zeinu hizkuntzei buruzko agiririk. Aurkitutako datuak, batez ere, pertsona gorrentzako hezkuntza sistema eta  metodoei buruzkoak dira.
  
   1620.urtean Juan de Pablo Bonetek Reducción de las letras y Arte para enseñar á hablar los Mudos izeneko lana argitaratu zuen, Fonetika eta Logopediako lehenengo tratatu modernotzat jo izan dena. Horrek,  esku bakarraz konfiguratutako alfabetoaren zeinuen erabilpena proposatzen zuen gorrei ahozko hizkuntza irakasteko sistema gisa. Hasieran, eskuz egindako alfabeto hori Europan zehar zabaldu zen eta ondoren mundu osoan barreiatzen hasi zen, gorren eta mutuen komunikazioa hobetzeko sistema bezala.
  
    Aipatutako liburu horretan (130 eta 131 orrietan) alfabeto latinoari dagozkion hizkiak irudikatuta ageri dira, eskuekin egindako zeinuen marrazki kalkografikoen bitartez ageri dira. Reducción de las letras y Arte para enseñar a hablar los Mudos izeneko tratatua hizkuntza nagusietara itzuli zuten. Bonetek hedatutako alfabetoa oinarri hartuta, XVIII.mendan Charles-Michel de l'Épéek bere alfabetoa argitaratu zuen. Azken hori izan da gaur egunera arte iraun duena eta nazioartean esku bidezko espainiar alfabeto izenaz ezaguna da.


«Irudikatutako abezearen» grabatuak. Juan de Pablo Bonetek 1620an Madrilen argitaratutako Reducción de las letras y Arte para enseñar a hablar a los Mudos liburuko 130 eta 131 orrialdeetan ageri diren zortzi irudi kalkografiko:

    Zeinu hizkuntzen gaineko gaizki-ulertzeak eta mitoak

       Mota horretako hizkuntzen gaineko ezjakintasunak eraginda, hainbat ideia oker eta faltsu barneratu dugu eta baieztatuta dago horiek gezurrezkoak direla:
    • Zeinu hizkuntzak ez dira benetako hizkuntzak, gauzak eta kontzeptuak izendatzeko kode mnemoteknikoak baino. Faltsua. Zeinu hizkuntzak erabat zehaztutako egitura gramatikalak dituzten hizkuntza naturalak dira. Izan ere, pertsona batzuek ama hizkuntzatzat dute zeinu hizkuntza, horietako batzuk entzuleak ere badira. Zeinu hizkuntza ama hizkuntzatzat duten umeen barneratze linguistikoaren prozesuan, ahozko hizkuntzaren barneratze prozesuan azaltzen diren garai berdintsuak ematen dira (zizakadura, hitz bakarraren garaia,...). Horretaz gain, ahozko hizkuntzetan ohikoak diren analogia morfologikoa, elipsia, aldaketa fonetikoak zein ulermen edo jabetzea, era berdintsuan ematen dira zeinu hizkuntzetan.
    • Zeinu hizkuntza espainiarra, zeinu hizkuntza frantsesa edo britainiar zeinu hizkuntza, espainiera, frantsesa edo ingelesa kodetzeko moduak baino ez dira. Faltsua. Zenbaitetan, herrialde zehatz bateko zeinu hizkuntzaren eta bertako ahozko hizkuntzaren gramatikaren artean alde izugarria dago. Ezberdintasunak hainbat parametrotan antzeman ditzakegu: nukleo sintaktikoaren kokapenean, osagarrien maila sintaktikoan,... Gaizki-ulertze horren aldaeren eraginez, zeinu hizkuntzak ahozko hizkuntzen menpe daudela uste izan da. Horren ondorioz, esaterako, zeinu hizkuntzek ahozko hizkuntzen hitzak letraz letra irudikatu besterik ez dutela egiten pentsatu izan da.
    • Zeinu hizkuntza internazionala da. Faltsua. Ahozko hizkuntzen artean ezberdintasunak ematen diren moduan, zeinu hizkuntzak ere ezberdinak dira euren artean, hiztegiari (zeinu multzoak) zein gramatikari dagokionean.
         Zeinu hizkuntzetan esku bidezko alfabetoa edo daktilologikoa erabiltzen da, batez ere izen propioak eta teknikoak izendatzeko. Hala ere, daktilologikoa, zeinu hizkuntzek darabiltzaten baliabideetako bat baino ez da. Antzina, daktilologiak, zeinu hizkuntzak ahozko hizkuntzen aldaera huts era urriak zirenaren aurreiritzia indartu besterik ez zuen egin. Baina uste hori ere faltsua da.

         Orokorrean, zeinu eta ahozko hizkuntzak apartekoak dira eta garapen maila propio eta bereiziak dituzte. Azkenik, ahozko hizkuntza bat baino gehiago daukan eremuak, zeinu hizkuntza bakarra izan dezake, nahiz eta ahozko hizkuntza ezberdinak egon. Horren adibide dira Kanada, EEBB eta Mexiko: bertan, Zeinu Hizkuntza Amerikarra eta ahozko ingelesa, espainiera eta frantsesa erabiltzen baitira. Alderantziz eta era berean, elkar ulertzeko hizkuntza komun gisa erabil daitekeen ahozko hizkuntza dagoen eremuan ere, zeinu hizkuntza bat baino gehiago egon daiteke. Espainiar Estatuan, esaterako, Zeinu hizkuntza espainiarra (ZHE) eta Zeinu hizkuntza katalana (ZHK) erabiltzen dira.